Ia ehun urte dira Ness aintziran, Eskoziako iparraldean, itsas suge erraldoi bat, dragoi bat, edo, gehienek diotenen moduan, munstro bat bizi dela. Ness aintzirako munstroa, jendeak Nessie deitua.
Deskribapen eta argazki batzuen arabera, historiaurreko izaki bat da, lepo luze eta buru txikikoa. Hainbat eta hainbat ahalegin egin dira enigma argitzeko, baina batek ere ez ditu zientzialariak konbentzitu. Haien ustez ezinezkoa da historiaurreko izaki bat izatea hura.
Garbi dagoen gauza bakarra da Nessie lehen mailako erreklamo turistiko bat dela, jende asko hurbiltzen baita aintzirara hura ikusteko esperantzaz.