Bitxikeriak Bitxikeriak
  • Hasiera
  • Zergatik…?
    • Animaliak
    • Pertsonak
    • Gure planeta
    • Zientzia
  • Ba al zenekien….?
  • Jolasak
  • Partekatu!
  • Bloga

Ba al zenekien….?

Ba al zenekien…?

Diberti gaitezen une batez zenbait animaliari buruzko datu bitxi eta interesgarri hauekin!!!

HEGAZTIEI BURUZKO BITXIKERIAK

Munduko hegazti hegalari azkarrena belatza da. Hirurehun kilometro orduko abiadura ere har dezake airean goitik behera murgiltzean. Uso gaixoa, ikusi ere ez du egin…

Munduko hegazti korrikalari azkarrena ostruka da. Hegazti hanka-luze honek ezin dezake hegan egin, baina 80 kilometro orduko abiadura ere harrapa dezake lasterka! Ziklomotorrena baino abiadura handiagoa!

Kolibri txiki honek ere errekor handi bat du ezarria. Segundo batean 90 aldiz astin ditzake hegoak. Hau da, bost mila laurehun aldiz minutuko… Ikaragarria benetan! Hain azkar eragiten die hegoei, ikusi ere egiten ez baitira ia!

Hegaztien arteko azken txapelduna pinguinoa da. Pygoscelis papua pinguinoak 27 kilometro orduko abiaduran egiten du igeri; baina hori baino harrigarriagoa da oraindik pinguino enperadoreak egiten duena: 260 metro sakon hondora daiteke eta bost minututik hemeretzira bitartean egon arnasarik hartu gabe. Hegaztia izan arren ―bere moko, luma eta guzti―, arraina ematen du igerian.

BESTE XOMORRO BATZUK…

  • Behia

    Ba al zenekien behiek eskailerak igo ditzaketela baina ez dakitela horiek nola jaitsi? Izan ere, beherantz doazenean belaunek ezin diete eutsi behiaren pisuari.

  • Armiarma

    Armiarmek egiten duten sarea naturak sortutako material erresistenteena dela esaten da. Agian horregatik eutsiko die hainbeste elefanteri! Kar, kar, kar.

  • Gamelua

    Zergatik dituzte gameluek hiru betazal? Begiak hondar ekaitzetatik babesteko. Dibertigarria izango litzateke gamelu bati begi bat kliskatzeko eskatzea, ezta? Kar, kar, kar.

  • Elefantea

    Elefanteak oso bizkorrak izan daitezke, eta 40 km/h-ko abiadura ere har dezakete. Igeri egiteko gai ere badira, baina… hain dira handiak, ezen ezin baitute salto egin. Elefante afrikarra munduko animalia lehortar handiena da. Elefanteen ernaldia 22 hilabetekoa da: ia bi urte.

  • Koala

    Koalek biziki atsegin dute lo egitea. Egunean bi orduz besterik ez dira egoten esna. Gainerako hogeita bi orduak… lo seko igarotzen dituzte!

  • Eltxoa

    Eltxoek hain dute usaimen ona, ezen 50 kilometroko distantziara ere usain baitezakete giza odola. Eta, gainera, 47 hortz dituzte! (Pentsa zer nolako hortz txikitxoak izango diren).

  • Krokodiloa

    Krokodiloek zaldi batek bezain azkar egin dezakete lasterka; baina, ba al zenekien ezin dutela mihia atera? Ezta hain bizkor korri egiteagatik nekatuta badaude ere! Krokodilo baten burmuinak pertsona baten erpuruaren tamaina du.

  • Suguea

    Sugeak munduko animaliarik arriskutsuenetako batzuk dira. Oso letagin zorrotzak dituzte, baina… ba al zenekien ezin dutela mastekatu? Horrexegatik irensten dituzte harrapakinak. Sugerik txikienak 10 zentimetro neurtzen du, eta handienak, berriz, 10 metro.

  • Balea

    Balea urdin baten mihiak elefante heldu batek adina pisatzen du.

   

Bazenekien hiru edo lau koloreko katuak emeak direla?

Ilea hiru edo lau kolorekoa duen katu bat ikusten duzunean, ez zalantzarik izan: emea da. Badira hiru koloreko ilea duten arrak ere, baina oso bakanak dira, eta, gainera, antzuak izaten dira, hau da, umerik izan ezin dutenak. Katemeek, berriz, hiru katakumetik zazpira bitarte izan ditzakete lau hilabetez behin. Bizitza osoan, ehun ume inguru! Pentsa!

Badakizue izurdeek begi bat irekita egiten dutela lo?

Hori hala da burmuinaren erdia bakarrik lokartzen delako, beste erdiak esna segitzen du arnasa hartzen jarraitu ahal izateko. Egunean zehar, izurdeek launa ordu egiten dute lo gorputzaren alde batekin eta bestearekin. Hiru dira horretarako arrazoi nagusiak: lotan dagoela itotzea saihestea, atseden hartu bidenabar arriskuen aurrean erne egotea, eta giharrak tenk edukitzea; izan ere, izurdeak, ugaztunak izanik, odol berokoak dira, eta tenk eduki behar dituzte giharrak, gorputzaren tenperatura bere horretan mantentzeko.

Bazenekien espaziora bidali zuten lehen izaki biziduna txakur bat izan zela?

Kaleko txakur eme bat, zehazki esanda: Laika zuen izena. Sobiet Batasunak bidali zuen espaziora, Sputnik 2 espazio-ontzian. Laika gaixoa suziria jaurti eta handik ordu batzuetara hil zen, baina esperimentuak erakutsi zuen izaki bizidunak atmosferaz haraindi ere bizi zitezkeela. 2008. urtean, Errusiak oroigarrizko monumentu bat eskaini zion Laikari.

JIRAFA

Ba al dakizu zer soinu egiten duen jirafak? Jirafa da ahots-kordarik ez duen ugaztun bakarra. Zer esan nahi duen horrek? Bada, erabat mutua dela. Soilik 7 minutuko loaldia egiten du egunean, eta zutik, gainera. Jirafaren lepoak eta gureak hezur-kopuru bera daukate

Bitxikeriak Bitxikeriak
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren babesarekin egina
Diseinua: La pecera I Lege oharra I Cookien politika
Lege Oharra/Bitxikeriak © 2021