Mundu guztiak daki ontziek flotatu egiten dutela; hori dute beren eginkizuna. Baina mundu guztiak ez dakiena da zergatik, zergatik flotatzen duten. Bistan da zurez egindako ontziek beren osagaien berezko tasunengatik flotatuko dutela, baina zer esan metalez eta gai astunagoez eginda daudenez? Hori azaltzen saiatuko gara orain.
Bada, funtsean, urak baino dentsitate txikiagoa duten gorputzek flotatu egiten duten uretan.
Zer da ordea dentsitatea? Bolumen unitate bakoitzeko dagoen materia kopurua da dentsitatea. Hau da, metro kubiko bateko bola burdinazko bat, uretan sartuz gero, hondoratu egingo da, noski. Baina burdinazko metro kubiko hori bera hartuta, esfera barren-huts bat moldatzen badugu, haren bolumena esfera trinkoarena bainoa askoz handiagoa izango da, eta, uraren goranzko bultzadaren laguntzaz, flotatu egingo du.
Labur esanda: oso astunak izanagatik ere, ontziek ur gainean flotatzen dute barrutik hutsik daudelako. Horrela, barrutik hutsa, urak baino askoz dentsitate txikiagoa du ontziak. Beraz, ontziaren pisua txikiagoa da kanporatutako ur bolumenarena baino, eta hor gertatzen den presio-joko horren ondorioz bultzada-indar bat sortzen da, ontzia ur gainean mantentze duena.