Euriak urez betetzen ditu zizare-zuloak, eta hori dela eta, zizareak tropelka ateratzen dira kanpora, arnasa hobeto erregulatze aldera.
Ez du horrek esan nahi zizareek hezetasuna gustuko ez dutenik; alderantziz, behar-beharrezko dute, gorputza heze mantentzeko eta behar bezala arnasteko.
Lur-zizareek ez dute birikarik, azaletik hartzen dute arnasa. Oxigenoa mukosa batean disolbatzen da, zizarearen azala estaltzen duen muki-mintz antzeko batean, eta handik odol-hodietara igarotzen da azalean zehar. Azalak hezea egon behar du, oxigenoa igarotzea errazteko, eta, horregatik, zizareek guruintxo berezi batzuk dituzte, “body milk” gisako mukosa hori gorputz osora zabaltzeaz arduratzen direnak.
Oreka da gakoa. Azala lehorregia izatea txarra da; gehiegi lehortuz gero, zizareak hil egiten dira. Baina hezeegia izatea ere ez da ona; egia da zizareak uretan bizi daitezkeela bi astez, baina uretik ezin dute behar beste oxigeno xurgatu, eta, azkenean, ito egiten dira.