Zergatik jaiotzen gara begi urdinekin?

Jaiotzean, haurtxo askoren begi kolorea ez da izaten gero izango dutena. Ama, aita eta batik bat amona ugari txoratu egiten dira, begi urdineko haurra izango dutela pentsatzean –begi ilunak kaskarragoak izango balira bezala–. Desilusio galanta hartzen dute gero, begi marroiak heredatu dituztela ikusten dutenean!

Haurtxoak begi argiekin jaiotzeak zerikusia du jaiotzean duten melanina kopuruarekin eta jaio ostean melanina horrek izaten duen gorakadarekin. Melanina gure gorputzeko proteina bat da, begietan, ilean eta azalean dagoen pigmentu bat. Zenbat eta gehiago izan, orduan eta ilunagoak dira begiak, ilea eta azala, eta, hortaz, eguzki argi gehiago islatzen dute. Irisean, begiaren zati koloredunean, melanina biltegi bat dugu. Biltegi horretan melanina kopuru txikia badago, begiak urdina dirudi, eta kopuru ertaina badago, begiak berdea edo hur kolorekoa dirudi. Melanina ugari izanez gero, begiak marroiak dira.