Zergatik ibiltzen dira inurriak errenkadan?

Hainbat motatako inurriak daude. Batzuk, zehazki, inurri esploratzaileak dira. Horien zeregina elikagaiak, inurritegi berriak… aurkitzera irtetea da. Behin aurkitzen dituztela, euren inurritegietara itzultzen dira, eta arrasto bat uzten dute lurrean. Baina ez ogi papurtxoak, Hansel eta Gretelen antzera. Inurriek feromona izeneko substantzia kimikoen arrastoa uzten dute. Hartara, arrastoa usaindu, eta hari jarrai diezaiokete, elikagaiak edo inurritegi berriak aurkitu ahal izateko. Ez dira errenkadan joaten desfilatzea atsegin dutelako, baizik eta arrastoa usainduz joaten direlako, bideari jarraika.