Zergatik egiten dute hegan hegazkinek?

Erantzun errazena litzateke esatea hegazkinek hegan egiten dutela hartarako diseinatuta daudelako. Transatlantiko erraldoi batek ur gainean mantentzen laguntzen dion forma eta diseinu jakin bat duen bezala, hegazkinak ere airean mantentzen laguntzen dion forma eta diseinu berezi bat dauka. Ez da magia kontua. Kontrakoa izango litzateke arraroa: hegazkinek, duten forma izanda, hegan egiterik ez izatea, alegia. Hegalen forman eta diseinuan dago gakoa.

Erantzun osatuago bat nahi izanez gero, hona hemen bat: hegazkinek hegaletatik igarotzen den aire-fluxuari esker egiten dute hegan. Beraz, hauxe ondoriozta dezakegu: hegazkin batek hegan egingo badu, aire-fluxu bat, edo, beste era batera esanda, airearekiko abiadura bat egon behar du.

Airea hegaletik igarotzean, goranzko indar bat sortzen da, euste-indarra deitua, behar bestekoa izenez gero hegazkinaren pisua orekatzen duena.

 

 

  1. Hegazkinaren pisua: lurrerantz bultzatzen du ibilgailua, grabitate-indarraren eraginez.
  2. Hegazkinaren euste-indarra: hegalen forma aerodinamikoak sortua, hegazkina airean zehar higitzean. Euste-indarra frogatzeko modu bat paper orri bat erregela baten gainean jartzea da. Jarri erregela ahoaren parean eta putz egin paperari. Papera altxatu egingo da euste-indarraren eraginez.
  3. Bultzada: motorrek edo helizeek sortua, airean zehar ibilarazten du hegazkina.
  4. Erresistentzia: hegazkinaren aurreranzko mugimenduari aurka egiten dion indarra. Erresistentzia frogatzeko modu bat higitzen ari den auto batean ikus dezakegu. Atera besoa leihotik eta zabaldu eskua, lurrarekiko zut jarrita; gero, jarri eskua trebeska. Erresistentzia (eskua atzerantz bultzatzen duen indarra) handiagoa da esku-zabala lurrarekiko zut dagoenean, trebeska jarrita dagoenean baino.

Hegazkinak hegan egingo badugu, euste-indarrak HANDIAGOA izan behar du hegazkinaren pisuak baino, eta motorren bultzadak HANDIAGOA ere hegazkin osoaren erresistentziak baino.