Donuta Estatu Batuetako opil ofiziala dela esan daiteke. Baina ia mundu osoan aurki dezakegu, askotariko zapore, glasatu mota eta neurritan. Funtsean, denok dakigu zer den donuta: erroskilla bat, opil biribil bigun eta samur bat, erdian zulo bat duena. Baina, zer dela-eta dauka zulo bitxi hori?
Donut izena beste bi izenen batura da: dough (orea) eta nut (intxaurra). Hortik doughnut izena. Esan liteke, beraz, izenak berekin dakarrela izanaren funtsa, produktuaren errezeta, alegia. Donuta, hasieran, opil biribil bat zen, besterik gabe. Baina arazotxo bat zeukan. Bere osagaiak zirela eta, orearen erdialdea ondo egosi gabe geratzen zen.
Arazoari Hanson Gregory marinelak eman zion konponbidea, 1847an. Orea egosteko arazoekin nazkatuta, hartu zuen piperrontzi bat, kendu zion tapa, eta zulo bat egin zuen harekin masaren erdian. Eta kito arazoa! Hala sortu zen donuta egun ezagutzen dugun moduan.
Gaur egun, fabrikatzaile batzuek egosi ondoren egiten diote zuloa opilari, baina arruntena zuloa orea egosi aurretik egitea da.
Zulodunak zein zulogabeak izan, donuten fabrikazio-prozesuko soberakinak animalien pentsu-fabriketara eraman ohi dira, beren produktuetarako berrerabil ditzaten.