Zergatik dute mokoa hegaztiek?

Hegaztiek duten aho mota berezia da mokoa. Mokoaren forma hegaztiaren elikadura motaren araberakoa izaten da. Hegaztiek ez dute hortzik, osorik irensten dute elikagaia.

Loroek, adibidez, frutak eta intxaurrak kraskatzeko edo zartatzeko erabiltzen dute beren moko zorrotza; kolibriek hodi itxurako moko bat dute, loreen nektarra xurgatu ahal izateko. Beste kasu batzuetan, txori arrek emeak erakartzeko erabiltzen dute mokoa (tukana eta kalaoa dira horren bi adibide). Pelikanoaren mokoa, berriz, luzea, zorrotza eta zuzena da, uretan ahalik eta erresistentziarik txikienarekin murgil egiteko, eta larruzko poltsa bat darama beheko barailan, arrainak bertan biltzeko. Arranoek eta gisako hegazti harrapariek kako-itxurako moko sendo zorrotza dute, elikagai dituzten animalien haragia erraz urratu ahal izateko.

Hegaztiek, beraz, jateko ez ezik, habiak egiteko, bikotekidea liluratzeko eta arriskuetatik babesteko ere erabiltzen dute mokoa. Horregatik da hain garrantzitsua mokoa, horregatik ditu hainbat forma eta neurri, espezie bakoitzaren funtzioa eta ohiturak zein diren.