Zergatik daude oraindik dinosauro hezurrak?

Duela milioika urte Lurrean bizi izan ziren dinosauroen hondarrei ―egoera hobean edo okerragoan gaur egunera arte iritsi zaizkigun hondakin horiei― fosil deritze. Dinosauroak, hiltzean, sarraskijaleentzako bazka izaten ziren, eta hauek jan gabe utzitako hondarrak baino ez ziren geratzen haietatik. Animalia horiek hiltzean, lur azpian geratzen ziren, eta haien hezurrak pixkanaka mineralez estali eta haitz bihurtzen ziren. Baina hamar mila urte behar ziren horretarako. Bai zaharrak fosil horiek!!

 

Baina…. nola arraio eratzen dira fosilak?

Sedimentuak (hau da, harri, harea edo lur aleak) animalia baten gorputzaren edo landare baten gainean metatzean eratzen dira fosilak.

Errazago eratzen dira itsasoan, mareei eta uraren mugimenduei esker harea modu etengabean jalkitzen baita halakoetan.

Hona hemen dinosauro baten fosila eratzeko bete beharreko urratsak:

  1. Dinosauroa hiltzean, haren gorputza lohi azpian geratuko da, edo urak arrastaka eramango ibai bateraino, eta lokatzez estaliko.
  2. Urte batzuk geroago, dinosauro horretatik hezurrak baino ez dira geratuko, sedimentu geruza askoren azpian, hau da, gainean jalkitako material guztiaren azpian estalita.
  3. Milioika urte geroago, lur geruzak haitz bihurtuta egongo dira, eta hezurrak petrifikatuta, hau da, harri bihurtuta haiek ere.
  4. Denbora joan denbora etorri, lurrazalaren itxura aldatuz joango da, pixkana-pixkana higatuz, eta fosiletako batzuk agerian geratuko dira.
  5. Paleontologoek fosilak atera eta laborategian aztertuko dituzte. Handik, gero, museoetara eramango dituzte.