Zergatik da erraza itsasoan flotatzea?

Itsasoan flotatzea erraza da, itsasoko ur gaziak lagundu egiten baitigu horretan. Flotagailurik gabe igeri egiten badakizu, seguru asko ohartuko zinen gorputza arinago sentitzen duzula itsasoan igerilekuan baino. Gutxiago hondoratzen zara, eta ahalegin txikiagoa egin behar duzu ur gainean mantentzeko. Indar misteriotsu batek ur azalerantz bultzatzen zaituela dirudi! Indar misteriotsu hori itsasoko gatza da, hain zuzen.

Ezagutzen duzu Itsaso Hila? Ur gaziak gezak baino dentsitate handiagoa duenez, bertan errazago flotatzen da. Eta zenbat eta gatz gehiago izan itsasoak, orduan eta errazagoa da hondoratu gabe igeri egitea. Asian, Israel eta Jordania izeneko bi herrialdeen mugan, bada itsaso bat hain gazia, non ezinezkoa baita itotzea! Itsaso horri Itsaso Hila esaten diogu.